29 herrialdetako 154 ikasle atzerritarrek eginen dute 2024-2025 ikasturteko udaberriko seihilekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programetakoren batean. Duela gutxi, ikasle horiei ongietorria egiteko jardunaldia egin du Unibertsitateak; jardunaldi horietan ikasleei Iruñeko egonaldirako informazio praktikoa eskaintzen zaie. Bigarren seihilekoa unibertsitatean emanen duten atzerriko 154 ikasleez gain, badira beste 52 ikasle ere NUPera lehenbiziko seihilekoan ikasturte osorako etorriak.
Gainera, Buddy programan parte hartzen duten NUPeko ikasleek laguntza emanen diete etorri berriei. Harrera-ekimen horren bidez kanpoko ikasleei laguntza ematen zaie dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutarako, hala nola bizilekua bilatzeko eta zenbait tramite egiteko.
Ongietorria egiteko jardunaldi horren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, Unibertsitatea ezagutzeko bisita gidatu bat ere egiten zaie ikasleei Iruñeko Erasmus Elkartearekin lankidetzan, eta informazio hitzaldi batzuk ematen zaizkie NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruz. Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian espainierari buruzko astebeteko ikastaro trinkoa eta doakoa egiteko aukera ere badute.
Programak eta herrialdeak
Seihileko honetan NUPen sartu diren nazioarteko ikasleak herrialde hauetakoak dira: Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Kanada, Txile, Txina, Kolonbia, Eslovakia, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Japonia, Maroko, Mexiko, Nikaragua, Herbehereak, Peru, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Turkia, Ukraina eta Uruguai.
Programa motaren arabera sailkaturik, 98 ikasle Erasmus+ programakoak dira (Europako eta beste herrialde elkartu batzuetako ikasleekin trukea egiteko), 57 ikasle Palafox programaren bidez etorri dira NUPera (Latinoamerikarekin trukea egiteko), eta 12 ikasle Martín de Rada programaren bidez (Asiarekin trukea egiteko). Haiez gain, beste ikasle batzuk ISEP USA programaren bidez etorri dira, beste batzuk unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen bidez, eta beste batzuk ikasle bisitari moduan.
Bestalde, 25 ikasle ari dira NUPen ikasten SICUE mugikortasun nazionaleko programari esker; haietatik hogei ikasturte osoa egiten ari dira, eta gainerako bostak bigarren seihilekoa.